PROIEKTUA

HELBURUAK
Testuinguru honetan sortu da H2INTEGRA proiektua, hidrogenoaren ekosistema sortzeko soluzio fisikoak eta digitalak ikertzea helburu duena, horren sorkuntza, banaketa eta amaierako erabilera konektatuz eta modu optimoan kudeatuz.

PROIEKTUAREN IRISMENA
H2INTEGRAren ikerketa azpiegitura berezi baten barruan garatuko da, honako elementu hauen bitartez:

KONPRIMITZEKO ETA BILTEGIRATZEKO ESTAZIOA
Hidrogenoa hodi baten bidez iritsiko da MEGC kamioiak (Multiple Element Gas Container) kargatzeko hainbat badia dituen IBILen 30, 300, 500 eta 900 bareko konprimitze eta biltegiratze estaziora, eta kamioi horien bidez banatuko da hidrogenoa proiektuaren erabilera-kasuetara: aireportua (6), Bilboko portua (7) eta industria-instalazioak (8).
TUTUAK ETA ONTZIAK
Altzairuzko tutuak nahiz aluminiozko ontziak fabrikatzea xede duten hidrogenoaren erabilera-kasuetarako, biak Araban, hidrogenoa in situ sortzeko prototipoak garatzea planteatu da, hasierako probak egin ahal izateko, etorkizunean hidrogenoa MEGCen (Multiple Element Gas Container) kamioietan edo hodien bidez jasotzeko zain.
IKERKETA ARLOAK
Azpiegitura honetaz baliatuta, H2INTEGRAren partzuergoak honako ikerketa-arlo hauetan lan egingo du:
Elektrolizagailuko oxigenoa labeetan aprobetxatzea.
Beroaren erabilera intentsiboak dituzten industrietan erabiltzea.
Instalazioak egokitzea.
Gas naturalarekin batera garraiatutako hidrogenoa bereiztea.
AURREIKUSITAKO EMAITZAK

Merkatuan lehiakorra izango den hidrogeno berriztagarriaren ekoizpena (350 tona/urte).
Hidrogeno berdea in situ sortzeko sistema konpaktu berria eta birberotzeko bi labe, altzairu berdearen eta ontzien ekoizpen-lerroetako tratamendu termikoetarako.
Hidrogenozko erregai-pilak datu zentro bat elikatzeko, eskakizun maila eta baldintza tekniko eta funtzionalak betetzeko
Hidrogenoan oinarritutako industria-sistemen diseinuan segurtasun/inbertsio ratioa optimizatzeko aukera ematen duten arriskuak ebaluatzeko tresnak
Hidrogenoa konprimitu, biltegiratu eta banatzeko estazio optimizatua eta MEGCen flota.
Hidrogenoaren eta gas naturalaren korronteak bereizteko unitatea, erreaktorearen diseinua eta osagaiak optimizatuz.
Hidrogeno-pilaren bidezko elikatze-sistemak salgaiak manipulatzen dituzten portu-esparruetako garabietarako.
Hidrogenoaren ekoizpena eta eskaria elkarrekin doitzeko plataforma, hidrogenoaren banaketa optimizatu ahal izateko.

PARTZUERGOA

PETRONORen ardura da eragiketa-estrategiak zehaztea, balio-kateak eraginkortasun energetikoko ratio handiekin jardun dezan eta, aldi berean, behar diren hornidura-denborei dagokienez eraginkortasun-estandar altuetan jardun ahal izan dezan. Algoritmia ere garatuko du, IA aplikazioekin eta 24 orduko eskari-iragarpenetarako zenbakizko elkarrekintzekin. Gainera, eragiketa-aplikazioak inplementatuko ditu, gertatzen diren aldaketak ordutegi-eragiketara egokitzen dituen denbora errealaren logikarekin.

CSPk ikerketa, garapena eta xehetasunezko ingeniaritza egingo ditu, RTG (Rubber Tyred Gantry) gurpil pneumatikoen gaineko portiko-garabia eraberritzeko. Garabi horrek manipulazioa egiten du CSPren Bilboko Portuko terminaleko edukiontzi-patioan. Azterlanak zehaztuko du ea gaur egun Generador-Diesel taldeak elikatzen duen RTGa hidrogeno-erregai-pilaren bidez propultsatu daitekeen, segurtasun-berme guztiak, lan-prestazio berak eta autonomia zainduz.

FERROk hidrogenoan oinarritutako propultsio-sistemak ikertuko ditu portu-esparruetan salgaiak manipulatzen dituzten garabietarako. Horrez gain, ingeniaritza mekanikoaren oinarrizko planoak eta xehetasun-planoak, ezarpenari eusteko elementu eta egituren antolaketa eta egituraren inguruko kalkuluak garatuko ditu, baita elektrizitatearen arloko oinarrizko eta xehetasunezko planoak, PLC programazioa eta diagrama eta kalkulu elektrikoak ere.

ENVASESek H2 erabiltzearen bideragarritasun industrialaren analisia egingo du, egungo gas naturalaren (GN) ordez aluminiozko ontziak ekoizteko lerroetan. Kontsumo-puntuetan gaur egun GNk duen eskaria zehatz-mehatz aztertuko du, eskari-profil horiek ulertzeko eta optimizatzeko H2 kasuan (baliabide mugatua), eta egungo instalazioen bideragarritasuna aztertuko du H2 sistemarekin erabiltzeko.

H2SITEk aurrera egingo du produktuaren eskalatzearekin lotutako prozesu eraginkorragoetan. Hidrogenoaren ekoizpen-ahalmena areagotuko du, egunean tonakako ekoizpena lortzeko xedez (x100, aurreko iterazioen aldean). Bestalde, hidrogeno-bereizgailuen diseinua optimizatu eta estandarizatzeko ere lan egingo du, epea % 50eraino murrizteko. Bi helburu horiek lortuz gero, hidrogenoaren erabilera berriei dagokien tamainaren beharretara egokitzeko aukera egongo da, bezeroarentzako zerbitzua hobetzeaz gain.

SARRALLEk elektrolizagailu konpaktu eta eramangarriaren bidez hidrogenoa hornitzeko diseinu kontzeptuala egingo du, elektrolisi-stack-en mota, kopuru eta potentziaren arabera, horietarako behar den lantegiko balantzea barne. Era berean, H2aren erabilera Tubos Reunidos eta Envases Álava enpresen instalazioetako beroketa-ekipoetan integratzeko azterlana egingo du.

TEAM INGENIERÍAk arriskuen baterako ebaluazio eta kudeaketarako tresnak garatuko ditu, H2an oinarritutako industria-sistemen diseinuan segurtasuna/inbertsioa ratioa optimizatu ahal izateko. Horretarako, hasieran arrisku anitzeko hurbilketa globala egitea aurreikusi da, H2SAFEY kontzeptua definituz (segurtasuna/inbertsioa ratio optimoa duena), eta ondoren, proiektuan bildutako aplikazioei zuzendutako berariazko garapen algoritmikoak gauzatuko dira.

TUBOS REUNIDOS GROUP-ek soldadurarik gabeko hodiak fabrikatzen ditu altzairu herdoilgaitzean, aleazio altuko altzairuetan eta karbono-altzairuan. Instalazioen egokitzapena ikertzeaz arduratuko da, hidrogenoa siderurgiarako berotze-ekipoetan inplementatzeko, hidrogenoaren berezko sorkuntza-sistemaren kontzeptualizazioaz gain.
















